XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) mugitu gabe, benetan ala gezurretan ari ote zen jakiterik ez zegoela.

Gurasoek semeak zuen musikarako zaletasun setatia ikusirik, neke handiz bazen ere, diru apur bat aurreztu eta kontserbatoriora bidaltzea erabaki zuten.

Bob izuak ordea, ez zuen batere begi onez ikusi kontserbatoriora joatearen kontu hori, kontserbatorioa, umeak zaldi haragiaren gisan kontserbatan sartzen zituzten lekua ote zeneko ustea baitzeukan.

Eta bata zuridun gizon bik, bortxarik gabe baina tentsio handiz, alkandora hertsagarria jantziarazi ondoren Alaskara sarrarazi zuten egun hartan ere, kontserbatorio, hitz huraxe izan zen ezer baino lehen burura etorri zitzaiona.

Ordurako, diru piska bat pilatu eta Kentuckyko zaldi haragi potoak, Kentuckyko haritzezko upeletan zaharturiko bourbonaz aldatu zituen.

Eta bourbonik ezean CSW, Castro Scotch Whisky.

Baina ez zen hain justu haritzezko upeletan zaharturiko bourbonarena Bob Ieregik Alaskan sumatu zuen usaina: kontserba poto gisakoetan kaiolaturiko jarabearen usain horia baizik.

Erizainburu zen Nora delako hankaluze beltzaranak lepoa gorantz jasoa zeukan beti, neurrigabeki jasoa ostruka bailitzan, beso-hankak lotuta putzu ilun batean itotzen ari denak lepoa uretatik atera nahian egingo lukeen azken keinua imitatuz bezala.

Aurpegia ordea, hienarenaren antzekoa zuen.

- Beraz, Ieregi jauna, zer ikusten duzu marrazki honetan?

- Partiturarik gabe larrutan ari diren bi gazte.

- Musika lehen konpasean sar dadin saiatu behar dute beti.

- Ikustagun... Eta beste honetan?

- Zaldi beltz bat, bridatik aske dagoen zaldi beltz bat, galop infernalean trenbide amaigabe batean gaindi.

-Tximino aurpegia ikusten al didazu, akaso, Bob?